Nortzuk gara

1. IKASTETXEAREN TESTUINGURUA

Juan Bautista Eguzkitza Meabe Ikastetxe Publiko Integrala Lemoan dago, Arratiako eskualdean. Ikastetxe bakarra da herrian, titulartasun publikokoa da, eta 2013-2014 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak jasotzen ditu

1.1. HERRIARI BURUZKO INFORMAZIOA:

Lemoak hazkunde nabarmena izan du azkenengo bi hamarkadetan hirigintza etengabe garatu delako. Horren ondorioz, 2022. urtean, 3574 biztanle zituen, Euskal Estadistika Erakundearen arabera. Horietako asko inguruko beste herri askotan jaioak dira, baina Lemoara ezkonduak. Biztanleriaren batez besteko adina 42 urtekoa zen eta jaioberrien kopurua etengabe joan da murrizten urtetik urtera.

Lemoak izaera industrial garrantzitsua dauka Arratiako eskualdean eta enpresa gehienak hiru sektoretan aritzen dira:

● Industria, energia eta saneamendua.

● Eraikuntza.

● Merkataritza, garraioa eta ostalaritza.

Azpiegiturei dagokionez, herriak inbertsio nabariak egin ditu azkenengo urteetan kirola eta aisialdiarekin lotutako instalazioetan. Kotxepin kultur etxea, kalisteniako parkea, udal kiroldegia, gimnasioa, kanpoko igerilekua, frontoiak, bulderra eta paddeleko instalazioak daude biztanleriaren eskura.

1.2. IKASTETXEAREN IBILBIDE HISTORIKOA:

Gure ikastetxea 1970. urtean sortu zen, Colegio Nacional de E.G.B. Peña Lemoa izenarekin, herriko biztanleei arreta emateko. Hamarkada bat geroago, 1980. urtean, ikastetxearen izena aldatu zen, Juan Bautista Eguzkitza Meabe lemoartarrak euskararen alde egindako lana aitortu eta ondratzeko.

2013-2014 ikasturtean, Arratia BHIk inguruko ikasle guztiak jasotzeko izango zituen arazoak aurreikusita, gure ikastetxean Bigarren Hezkuntzako etapa ezartzea erabaki zen, Ikastetxe Publiko Integrala sortuz. Hortik aurrera, ikastetxea hurrengo araudiaren estalpean egotera pasatu zen: Agindua, 2012ko urtarrilaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketarako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko integralen egitura eta antolaketa arautzen duena.

2013-2014 ikasturtean DBH1. maila eman zen arren, progresiboki sortu zen etapa osoa eta 2021-2022. ikasturtean DBHk egonkortasuna lortu zuen, maila bakoitzean bi gela izanik eta 9 irakasle finkorekin.